Radixun histoixi eta filosofixi

Featured image

80 hamarkada

80ko hamarkadaren hasieran, Euskal Herrian bizi zen giro politikoari PUNK mugimenduaren eragina atxiki zitzaionean, hiri handi zein herri txikietan arlo askotan izugarrizko “mugida” abiatu zen. “Egin ezazu zuk zeuk” Punk mugimendu sozio-kulturalaren printzipioetako bat praktikan jarriz ikaragarrizko kultura alternatiboa jarri zen martxan gure artean. Era guztietako Rock taldeak, fantzineak, Gaztetxeak,... eta, nola ez, IRRATI LIBREAK perretxikoak bezala sortu ziren nonahi.

Irrati libreak

Aurretik Irrati Libreek edo/eta Irrati Piratek, AEB-etan eta Ipar Europan ohiko kanaletatik kanpo kokatzen ziren komunikabide alternatiboen bidea jorratuta zuten aspaldidanik. Kontra-informazioa edo kontra-komunikabideen beharra azpimarratzen zen garai batetan, hau da, komunikabideak interes komertzialen eta botearen manipulazioaren menpe daudenez ezinbestekoa dela nolabaiteko erantzuna ematea beste era bateko komunikabideak hedatuz. Bestalde, diruaren ustelkeriarengandik urruntzeko autogestioa da eratzeko modua eta publizitaterik gabeko komunikabideak ditugu. Beraz, erabakiak asanblada bidez hartzen dira eta finantziabideak partaideek zein entzuleek emandako xoxak izaten dira, baita jaietan jartzen diren txozna edo noizbehinka egiten diren kuestazioak. Beraz, herritarren laguntza zuzena dute bizibide bakarra eta Irrati Libreetako partaideek borondatez egiten dute lan.

Legediak mota honetako komunikabideak jasotzen ez duenez, alegaltasunean izatera kondenatzen ditu, ez dira legalak beraz. Garai batetan boterearen aldetik saiakera desberdinak izan ziren hemengo Irrati Libreak ixilarazteko, aspaldi honetan pakean utzi dituzte, beharbada, zabalkunde txikia dutelako pairatzen ari garen gaur egungo komunikabide handien arteko marrazo festan. Halere izan badira non nahi hitza zapaltzeko saikerak, duela gutxi ezagutu dugu dokumental baten bidez Brasilgo “Radio Fabela”-ren esperientzia, errepresiopean txiroen ahotsa izatearren eta poliziaren atzaparretatik ihesi estudioa aldiro lekuz aldatzen. Gure artean ere ezin ahaztu “Egin Irratia”-rekin egin zutena. Baina, sasi guztien gainetik, kosta ahala, adierazpen askatasunaren aldarrikapena egunero zabaltzen da mundu osoan zehar, besteak beste, Irrati Libreen bidez zabaldutako ahotsekin.

Radixu

Zergatik parte hartzen dugu Irrati Libreetan? Erantzun bakarra emateko galdera zaila. Batek daki zergatik egiten ditugun gure irratsaioak. Arrazoi edo motibazio asko egon daitezke; denbora pasa legez, kuadrilako lagunen artean zerbait desberdina egiteko, norbere zaletasunak edo kezkak irratiaren beste aldean daudenekin partekatzeko, norbere ideiak zabaltzeko, beste era bateko komunikabideak bultzatzea eta indartzea beharrezkotzat jotzen delako, herriko kultur zein gizarte alorretan nolabaiteko ekarpena egiteko asmoarekin, norbere kaxa landutako zerbait delako, askatasun esparru iraunkorrak sortzea eta mantentzea ezinbestekoa delako gizarte honetan, musika maite duelako, irratiaren magia eta xarma bereziaren maitalea izatearren, beste inork betetzen ez duen zeregina delako, etxean aspertuta ez egotearren,... Hauek izan daitezke izan dezakegun hamaika... eta mila arrazoi astero entzuleei agindutako hitzordura ilusioz eta gogoz, kalerik egin gabe, eskaintzeko. Agian, egin dugun irratsaiorik hoberena ez zuen entzungo inork eta aldiz, kaxkarrena hainbatek. Nork daki? Nork daki bakoitzaren bulkada zein den... Dakiguna da, irratsaioak egiten dugunok eta gure entzuleek, nolabaiteko konplizitate harremana dugula elkarrekin eta irratsaioak irauten duen bitartean bizitakoa, zerbait berezia izan dela. Guk, behintzat, hori nahiko genuke.





Zuzenean

Radixu Irratia

Ondarruko radixo libri

Entzuten
TITLE
ARTIST

Featured image